XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

GALDERA: Orain SIADECOrekin zabiltza lanean, oker ez banago, SIADECOk egin dituen azterketa praktikoetatik ondorio teoriko batzuk atera nahian.

Zein ondorio atera dituzu, ala oraindik goizegi da ezer aurreratzeko?.

JOSE MARIA SANCHEZ CARRION: Bai, uste dut oraindik goizegi dela.

Ni SIADECOrekin egiten ari naizena une honetan hiru motatako lanak dira.

Alde batetik SIADECOk aukera ematen dit nire ikerlanak aurrera eramateko.

Bestalde, aholkulari-lanetan ari naiz SIADECO barnean, esate baterako azterketa soziolinguistikoen galde-erantzunen prestaketan eta emaitzen azterketan.

Eta, hirugarrenik, SIADECOk azken 10 urte hauetan egindako lanak bildu eta begiratzen ari naiz aztertzeko, batetik, dauzkagun datuek noraino frogatzen duten garatu dugun diskurtsoa eta, bestetik, datu horiek zein pista emango diguten lurraldetasunaren dialektikaren inguruko teoria aurrera eramateko.

Orduan, orain arte egina dagoen bakarra zera da: lan eta azterketa hauen bilduma eta galdera-erantzun batzuen aukeraketa.

Horretan gaude, oraindik sakontasunetan sartu gabe.

G.: Oraindik ezin da ezer aurreikusi.

J.M.S.C.: Baina nik uste dut lan honen lerro orokorrak ikus daitezkeela.

Oso garbi ikusten dira gauza batzuk: ordezkatze-prozesua ez dela bukatu, Euskarak daukan dinamika bikoitza dela eta, hirietan Euskarak presentzia formala (idatzia bereziki) irabazten duen neurrian herri txikietan galduz doala, hori garbi ikusten da.

Bestalde, garbi ikusten da ere, nola motibazioa eta erabilera ez diren parekatzen, ezta ezaguera ere.

Euskararen alde daudenak ez dute denek ezagutzen eta ezagutzen dutenek ez dute horrenbeste erabiltzen edo behar duten bezala erabiltzen eta sintoma guzti hauek (sakontasunean aztertu gabe) uste dut frogatzen dutela orain arte esandakoa.

Ordezkatze-prozesua ez da bukatu Euskarak daukan dinamika bikoitzagatik, eta hirietan Euskarak presentzia formala (idatzia bereziki) irabazten duen neurrian herri txikietan galduz doa.

G.: Dinamika bikoitza esan duzu.

Hirietan euskalduntze-prozesua badoala aurrera maila batean eta herri txikietan edo euskaldunetan atzera.

Iñaki Larrañagak Iparraldean egindako azterketan nahiko garbi agertzen zen hori: zonalde euskaldunenetan zaharrek euskaraz egin arren, motibazioaren aldetik oso gutxi motibaturik daudela eta gero izugarrizko saltoa dagoela, haurrek ez dakitela eta ez direla iristen euskara jakitera.

Hori orokortu al daiteke? Horrek emango liguke mapa bat?.

J.M.S.C.: Momentu hau oso arriskutsua da, Euskararen inguruan kontrako bi indar eragiten ari bait dira.

Alde batetik, ordezkatze-prozesua sostengatzen edo bermatzen duten indarrak.